XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herriko gehientsuenok ikusia dugu eta gure aurreko zaharrek ere ikusi omen zuten behin edo behin eta... Zelinarena bera omen da! Ez omen dago ezer igoalagorik.

Halere ez da hori dena.

Horrelakoetan beti gertatu izan da zorigaitzen bat etxean bertan edo inguruan; etxe horretan ostatuz dagoenari orainartekoan beti ere, gainera.

Militar batek, adibidez, hemen entzun omen zuen azkenekotz kuku-hotsa.

Horretaz aparte, egun horietan zio edo motiborik gabeko argiak ikus omen daitezke, inondikako soinuak entzun, nik al dakit zenbat misterio txundigarri...!.

Zer ote guzti hura, zer ote zen...?, eta estudianteek ekarrarazi omen zuten Alemania edo ez dakit nondikako azti buruhandi bizarluze horietako bat.

Iritsi zenerako, ordea, seinaleak oro garbitu omen ziren, ilaia eta mototsa batipat, eta ez omen zuen deus argitzerik izan.

Geroagotxoan ere, bizpahirutan, herrikook jakin ahal izan dugu sorginkeria eta fenomeno harrigarrietan jantziak direnak interesatu direla guzti honetaz, hemen berton ere aritu dira ikerketetan, baina oraindainokoan, behintzat, dena alferrik.

Misterio ugari suertatu omen zitzaizkien, bai, militarrei lehendabizi eta estudiante tunante haiei azkenik.

Baina zuek, tximeletok, zaudete lasai, zeren-eta, harrez gero milaka eta milaka zuek bezalako igaro da hortik eta ez ilai-mototsik ikusi ahal izan du inork erreka zuloan eta ez soinu estrainiorik entzun ere etxe barnean.

Vinazako Konde Jaunak jaso erazitako jauregiaren historia, lehen ez-eta, orain badakizue, baita bertara andereño-inude gisa behinola etorritako Zelinarena ere.

Atsegina izan baduzue, gogoan eramazue, inoiz gaur nik bezalaxe konta ahal dezazuen.